Hasi dira gabarra kaiatik ateratzeko lanak

uriola.eus 2024ko api. 8a, 13:58
Argazkia: Deia

Itsasmuseumeko kaian egin da gaur goizean gabarraren uretaratzea.

40 urteren buruan, ostegunean gabarrak berriz ere zeharkatuko du bilboko itsasadarra, Getxotik hasi eta Bilboko Udaletxera arte. Azken egun hauetan athleticzaleek isilean mantendu dute ontziaren izena, hura aipatze soilak zorte txarra ekarriko zuelakoan, baina larunbateko garaipenaren ostean, Bilbo, Bizkaia eta inguruko zale guztien ahotan dago gabarraren harrera.

Gaur goizean amaitu dira gabarra uretaratzeko azkenengo prestakuntzak; matrikula berria jarri eta garabi handi batekin altxatu dute 58 tonako ontzia, Athleticeko jokalariei harrera egiteko prest. Getxoko El Abra kirol portutik hasiko du gabarrak ostegunean, 16:30ak aldera gabarra, Bilboko udaletxerainoko ibilbidea, atoiontzi bat tiraka eta lema lanak egiteko beste ontzi bat izango dituela lagun. Udaletxean harrera egingo zaio Valverderen taldeari, eta ondoren autobusean Bizkaiko Foru Aldundira joango dira jokalariak, han ere agerpen bat egiteko.

Zale asko lehorrean, nabigatzen ezin esan

Juan Mari Aburtok zalei “zuhurtzia” eskatu badie ere, duela 40 urte bildu ziren milioi bat zale inguruko zifra gainditzea espero baita, uste baino gutxiago izango dira gabarra itsasadarrean zehar laguntzeko izena eman duten ontziak: 130 ontzi espero zituen Udalak, baina 50bat inguruk soilik eman dute izena ospakizunerako. Arrazoia, izen-ematearen prezio altuak; 250 eta 3000 euro eskatzen zaizkie “amarristei” haien ontziak gabarraren ondoan uretaratzeko, ontziaren tamainaren eta daramatzan pertsona kopuruaren eta publizidadearen arabera. 

Gehiegizko baldintza hauek amarristak ekintzari betoa egitera bultzatu ditu, espero ziren 130 ontzietatik, 50ek hartuko dute parte zuri-gorrien harreran ofizialki. 160 ontzi inguru aurreikusten dira ostegunerako, beraz, hauetako askok Udalaren eskaerei muzin eginda ospakuntzan bat egingo dutela uste da. Ertzaintza, Guardia Zibila, Suhiltzaileak eta Gurutze Gorriko kideak izango dira ospakizunean, segurtasuna bermatzeko, eta Errege Koparen harreran itsasadarra doainik zeharkatzeko baimena izango duten bakarrak traineru bizkaitarrak izango dira.